Iruñeko Orfeoia, 1865az geroztik

Historia

Aldiak

1865-1891

Iruñeko Orfeoiaren historia 1865. urtean hasten da. Urte hartan, Orfeón Pamplonés izeneko elkarte korala sortu zuten hamaika bazkide harpidedunek, Conrado Garcia presidente izendatuta. Artisauei musika doan irakastea zen helburua. Eskatzeaz gain, onartu egin behar zituzten artisauak (1865eko aktak).

Orfeoi horretako lehen zuzendaria Joaquín Maya izan ere, eta Julián Gayarre gaztetxoa aritu ohi zen kantari horretan.

Hasiera-hasieratik, Iruñeko ospe handiko pertsonak, bai intelektualak zirelako, bai gizarte-maila altukoak zirelako, izan dira Zuzendaritza Batzorde desberdinetako kide (Jacinto Campión presidentea izen zen, eta Serafín Mata y Oneca, idazkaria).

Urte horietan zehar, musikaren arloko hainbat pertsonaia ospetsu izendatu zituzten Orfeoiko Ohorezko Bazkide: Joaquin Gaztambide, Emilio Arrieta, Hilarion Eslava, Juan Guelbenzu eta Damaso Zabalza, besteak beste.

1873an, desagertu egin zen lehen Orfeoi hura, arrazoi ekonomikoengatik batez ere. Bazkide-kopuru urriak ez zuen gasturik behinenak ere ordaintzen jarraitzeko modurik ematen, aktek diotenez.

1881eko azaroaren 6an, Iruñeko elite sozial eta intelektualetik zetorren talde batek Iruñeko Orfeoia izandakoa berrantolatu, eta, ateneoen modari jarraiki, Ateneo Orfeón Pamplonés izena jarri zioten. Programetan, musika-emanaldiak literaturarekin loturiko beste batzuekin uztartzen dira, hala nola hitzaldi, poema-errezitaldi, antzerki eta magiarekin ere. Hartara, bi zuzendari izan zituen: Fidel Maya, musika arlokoa, eta Serafin Mata y Oneca, literatura arlokoa. Dena den, behar bezalako egoitza propiorik ez izateak barne-eztabaida sutsuak eragiten zituen.

1885ean, eten egin zuten elkartearen jarduera, mugarik gabe, jendea entseguetara joaten ez zelako; bi urte geroago, akordioa berretsi, eta elkartea desegin zuten.

Behin betiko Iruñeko Orfeoia Fidel Mayak zuzendutako batzorde berrantolatzaile batetik sortuko zen, azkenik, 1890eko abuztuaren 28an.

Batzorde berri horren lehen erabakia Pablo Sarasate lagun, aholkulari eta gertuko laguntzailea Ohorezko Presidente izendatzea izan zen. 1891ko martxoaren 4an, Remigio Mugica, Iruñeko katedraleko kaperako tenore gaztea, zuzendariaren laguntzaile izendatu zuten. Hilaren 27an, Gijónera joan behar zuela iragarri zuen Fidel Mayak, lan-arrazoiak zirela medio. Mayak berak aholkatuta eta zuzendaritza-batzordeak onetsita, zuzendari-lanetan hasi zen Remigio, behin-behinekoz. Jende gutxik jarraitzen zuen joaten entseguetara, hala ere, eta, urte hartako apirilaren 30ean, koruaren jarduera bertan behera uztea erabaki zuten berriro.

1892-1948

Prentsan argitaratutakoaren arabera, orfeoi-lehiaketa bat egin behar zen laster Bilbon. Horren harira, Iruñeko Orfeoia abiarazi zuten behin betikoz, 1892ko maiatzean. Remigio Mugicak antzinako orfeoilari guztiak bildu, eta ahots berriak ekarri zituen korura. Urte hartako abuztuan, Iruñeko Orfeoia garaile izan zen aurkeztu zen kategoria guztietan. Hortik hilabete gutxitara, modu aktiboan parte hartu zuen gamazadako ekitaldietan, eta horrek nafar gizartean ospea eman zion.

Remigiok koru handiaren kategoria eman zion Iruñeko Orfeoiari, XIX. mendean zehar Europako hainbat hiritan elkarte filarmonikoen barruan egon ohi ziren eta orfeoi izenez ezagunak ziren talde koral handien gisara. Hasiera batean, gizonezkoen ahotsez bakarrik osatuta zeuden (gizonen korua eta, batzuetan, haurren korua). Parte hartu zuen lehiaketa ia guztietan jaso zituen sariak Orfeoiak: Bilbon (1892 eta 1896), Santanderren (1893), Valladoliden (1894), Donostian (1902), Bordelen (1904) eta Zaragozan (1905). Gainera, Bartzelonara (1895 eta 1902) Donostiara (1894) edo Madrilera (1897) bidaiatu zuen; orduan ere kritika zoragarriak lortu zituen eta erregearen familiaren aurrean abestu zuen hainbatetan.

1893 eta 1908 artean, San Fermin jaietan Iruñeko Udalak antolatutako kontzertuetan parte hartu zuen, Santa Cecilia orkestrarekin eta Pablo Sarasaterekin batera. Kontzertu horiei esker, funtsak eta ospe handia lortu zituen. Gainera, Sarasateren eraginari esker, errepertorio sinfonikoan murgiltzen hasi zen.

Emakumezkoak Orfeoiaren hastapenetatik presente egon izan da, ospakizun berezietan parte hartuz (zarzueletako koruetan, gala lirikoetan, etab.) Emakumezkoen presentzia hori 1903an indartu zen, Andereñoen Korua izenekoa sortu zenean alegia. Iruñeko Orfeoia Espainiako lehendabiziko koru mistoetako bat izan zen.

Emakumezkoen ahotsak gehitzea aurrerapauso handia izan zen, formatu handiko errepertorio sinfonikoak interpretatzeko aukera eman baitzuen.

1906an, Alfonso XIII Erregearen eta Victoria de Battembergen arteko ezteietan abestu zuen Iruñeko Orfeoiak, Madrileko Jeronimotarren elizan. Ezkontzaren ondoren gertatutako atentatuak hiriburuan programatuta zeuden zenbait ekitaldi bertan behera uztea ekarri zuen, eta horrek krisi ekonomiko latza eragin zuen elkartean. Pablo Sarasate hil izanak, 1908an, eta San Fermin jaietako  kontzertuak gutxika desagertu izanak areagotu egin zuten krisia. Hurrengo hamarkadan, gutxitan atera zen Orfeoia Iruñetik. Hala ere, nabarmendu beharra dago lehen aldiz opera bat interpretatu zuela: Mirentxu, Jesús Guridirena.

1918an, Iruñeko Orfeoiak garaipena lortu zuen berriro Oviedoko orfeoi-lehiaketan. 1919an, azkeneko aldiz parte hartu zuen orfeoi-lehiaketa batean, Bilbokoan hain zuzen, eta horretan ere irabazlea izan zen.

1920. hamarkadatik aurrera, Mugika maisuaren zuzendaritzapean eta Fernandez Arbos Madrileko Orkestra Sinfonikoko buru zela, musika-elkarlan garrantzitsuei ekin zieten bi erakundeek. 1923an, Orfeoiak Brahmsen Alemaniako Requiem lanaren hainbat numero interpretatu zituen, baita Ravelen Daphnis eta Chloéren bakanala ere. Lan horiek Biarritzen eman zituzten berriro urte hartan bertan. 1924an, Roger-Ducassen Sarabanda eta Beethovenen Bederatzigarren sinfonia interpretatu zituen, baita Brucknerren Te Deum (mundu latindarrean lehendabiziko aldiz, Orfeoiko memoriek diotenez) eta Igor printzearen dantzak ere. 1925. urtean, estreinako aldiz jo zuen Orfeoiak  Fauréren Requiem lana, eta, 1926an, Bachen Magnificat.

1927an, Orfeoiak eta Arbós-en MOSak  Beethovenen heriotzaren urteurrenean parte hartu zuten, Madrileko Monumental Cineman hainbat kontzertu eskainiz. Missa Solemnis eta Bederatzigarren sinfonia interpretatu zituzten, garai hartako agintari nagusien aurrean. Kontzertu horiek lorbide izan ziren Orfeoiarentzat,  Espainia osoan zehar bidaiatu baitzuen bi lan horiek ikur hartuta,.

1928an, Maurice Ravelek zuzendu zuen Iruñeko Orfeoia bere Korurako hiru lanak interpretatzeko: Nicolette, Trois oiseaux du paradis eta Ronde (1915).

Hurrengo urteetan eta Espainiak pairatutako gertakari politikoak gorabehera (Gerra Zibila barne), koru moderno bati eustea lortu zuen, hainbat errepertorio ezezagun gehituz, gainera, hala nola antzinako musikatik ekarritakoak (Tomás Luis de Victoria, Guerrero...).

1948-1973

Martín Lipúzcoa

Sortzaileak elkarteari emandako ospea eta distiraren ondoren, Martín Lipúzcoaren aldia etorri zen, 1948tik 1956ra bitartean zabaldu zena. Ohiko bilakatu zen Madrilen, Bartzelonan, Valladoliden eta Euskadin kontzertuak ematea, jarduera-eremua Mallorca eta Portugaleraino zabaldu zela.

Berariazko errepertorioa osatuz joan zen, Orfeoiaren errepertorio klasiko eta egonkor bilakatuko zena: Mozart, Brahms, Verdi eta Fauréren requiemak, Bachen pasioak, Beethovenen bederatzigarrena…

Ahots-laukote bakarlaria sortu izanak (orfeoilariek osatua) eskaerak handitzea ekarri zuen. Bakarlari kontraltoa Sagrario Aramburu zen, eta garai hartako ospetsuenekin aritu zen agertokietan.

Juan Eraso

1956 eta 1960 urteen artean zuzendu zuen Iruñeko Orfeoia Juan Erasok. Estilo propioa eman zion koru-esparruaren barruan, Orfeoia a capella kontzertu asko interpretatzera eramango zuen inpostazio modernoago batekin eta ahots-hobekuntzaren bitartez.

Aro horretan, Frantziako entzunaretoetako ateak ireki zitzaizkion Orfeoiari: Saint Emillion, Bordele, Tolosa, Baiona. Pariseraino iritsi ziren, non Meza mozarabiarra interpretatu eta Cristóbal Halffteren Dukearen meza grabatu baitzuten. Grabazio horrek elkarlan oparoa ekarri zuen Orfeoiaren eta Halffterren artean, azken hori erakundeko Ohorezko Zuzendari izendatzerainokoa.

Pedro Pírfano

1960 eta 1967 urteen artean zuzendu zuen Orfeoia Pedro Pírfanok. Iruñeko Orfeoiko zuzendari izandako zazpi urteetan, musika-jaialdi nazional eta nazioarteko handietara eraman zuen Orfeoia. Izan ere, Gubelkian jaialdi ospetsuan parte hartu zuen koruak, Portugalen (Beethovenen Bederatzigarren sinfonia eta Missa Solemnis, esaterako), baita Bordeleko Maiatza Musikalean, la Rochelleko Jaialdian eta Granadako Nazioarteko Musika eta Dantza Jaialdian ere. Urte horietan, Orfeoiak Holandara bidaiatu zuen, Willem Van Oterloo Hagako Bertako Orkestra zuzendari zela, eta Portugalera,Lorin Maazel Lisboako Orkestra Nazionaleko buru zela.

Musikari dagokionez, berritzailea eta ausarta izan zen Pedro Pírfano. Bere eskutik estreinatu zituzten musikagile nafarren lanak, eta berak ekarri zituen Espainiara estreinako aldiz Stravinsky eta Hindemithen lanak. Pírfanok, gainera, Espainiako errenazimentuko polifonisten errepertorioak ere gehitu zituen.

Pedro Pírfanok abangoardiako errepertorioa ireki zuen Orfeoiarentzat, baina lan sinfoniko-koral handiekin ere jarraitu zuen, herriko folklorearekin uztartuz. Urte horietan zehar, Nafarroan gora eta behera ibili zen Orfeoia, eta folklore-moldeko kontzertu ugaritan parte hartu zuen, bandekin zein dantza- eta txistulari-taldeekin.

Carmelo Llorente

Carmelo Llorenteren zuzendaritza (1967-1973) kontinuista izan zen. Aurreko aldiko errepertorioarekin eta elkarlanekin jarraitu zuen, baina bermatu egin zuen ospe handiko hainbat jaialditan parte hartzea, Gubelkian jaialdian kasu.

1969an, New Yorken mundu mailan estreinatu eta urtebetera, Iruñeko Orfeoiaren eskutik estreinatu zen Espainian Cristóbal Halffterren Giza Eskubideen Kantata (Yes, Speak Out, yes). Urte horietan, lan garrantzitsuak interpretatu zituen lehen aldiz Orfeoiak: Mahlerren Zortzigarren sinfonia eta Mendelssohnen Elias oratorioa, esate baterako.

1973-1993

Hogei urte horietan (1973-1993), José Antonio Huarte zuzendari zela, nazioarteko udako jaialdi askotan parte hartu zuen Orfeoiak (gero eta gehiago zeuden): Estrasburgo, Montpellier, Avignon, Orange, Parisko Salle Pléyel aretoa, Bordeleko Maiatza Musikala, Porto eta Lisboa, besteak beste.

Espainian, areto eta antzoki handietan aritu zen Orfeoia: Palau de la Música (Bartzelona), Auditorio eta Teatro Real (Madril), Teatro de la Maestranza (Sevilla), Arriaga (Bilbo), Victoria Eugenia (Donostia), Palacio de Carlos V (Granada). Santander, Gasteiz, Cuenca, Santiago, Valentzia, Palma de Mallorcako entzunareto eta jaialdietan ere aritu zen, baita Iruñekoetan ere, jakina.

Mendeurrenaren ospakizunaren harira (nazioarteko lehen saria, hau da, 1892ko Bilboko Nazioarteko Orfeoi-Lehiaketarena irabazi zuen eguna jotzen da Orfeoiaren sorrera), Orfeoiak hainbat aitormen ofizial eta sari jaso zituen. Kultura Ministerioak Arte Ederren merituaren zilarrezko domina eman zion, eta Vianako Printzea Kultura Saria jaso zuen Filipe Borboikoa printzearen eskuetatik. José Antonio Huarteren zuzendaritzaren gorenaldiaren ondoren, aldi laburren txanda heldu zen, hainbat maisuren eskutik.

1993-2005

Aldi horretan izandako hiru zuzendariekin (Juan Carlos Múgica, 1993-1996, Koldo Pastor, 1996-1997 eta Pascual Aldave, 1997-1998), Orfeoia berriro taxutzeko prozesu bat abiatu zen, bai erakundeari berari dagokionez, bai norabide artistikoari dagokionez. Maisu horiek berritasun teknikoak eta errepertoriokoak ekarri zituzten, eta lan propioak estreinatu zituzten, konposizioaren mundutik baitzetozen hiruak. Haien eskutik, Nafarroako entzuleek produkzio propioko abangoardia musikala entzuteko modua izan zuten.

Alfonso Huarte, 1998 eta 2005 artean zuzendari izandakoa, izan zen gerentzia-talde profesional bat ondoan izaten lehena. Goitik behera berritu zen erakundea aldi horretan, bai egituraren aldetik, bai koruaren aldetik. Hartara, Iruñeko Orfeoia agertokirik garrantzitsuenetara itzuli zen: Nazioarteko Jaialdiak (Peralada, Ruhr, Donostiako Musika Hamabostaldia), Auditorio Nazionala, Kursaal, Euskalduna, Príncipe de Asturias, Baluarte...

2005-gaur egun.

2005ean hartu zuen Igor Ijurrak Orfeoiaren zuzendaritza artistikoa. 2007an, Atlantikoaz beste aldera jo zuen koruak, Mexikora, zehazki. Han, Barruti Federaleko Arte Ederren Jauregiko entzunaretoan eta Guadalajarako Degollado Antzokian abestu zuten, besteak beste. Nazioartera jotzen hasi zen Orfeoia, beraz, baina bertako egileen lanak ere estreinatu eta hedatu zituzten. Helburua zen, entzunareto sinfoniko nagusietara izan ezik, musika Nafarroa osora ere eramatea zen.

2010ean, New Yorkeko Carnegie Hall ospetsuan abesten zuen Espainiako lehen korua izan zen Orfeoia. Hala, hasiera eman zion herrialde hartako areto nagusietan emanaldiak egitera eraman zuen etapa amerikarrari.

2012an, Iruñeko Orfeoia Estatu Batuetara itzuli zen, Frühbeck de Burgosekin, New York Philharmonic Orchestrarekin oraingoan, Lincoln Center aretoan. Fallaren La Atlántida eta Orffen Carmina Burana lanak interpretatu zituen, eta arrakasta itzela lortu zuen entzuleen eta kritikarien aldetik (New York Times egunkarian agertutako kronika batean kasu).

2009tik 2014ra bitartean, bira bate gin zuen Orfeoiak Orffen Carmina Burana ikuskizunarekin. Ikusle berriak bilatu nahi izan zituen La Fura dels Bausek taularatutako eszenaratze horrek. Donostiako Musika Hamabostaldian estreinatu zenetik, oso harrera ona jaso du ikuskizun bitxi horrek entzuleen aldetik eta kritikaren aldetik. Hauetan guztietan eskaini dute: Kursaal (Donostia), Auditori (Bartzelona), Baluarte (Iruña), Victor Villegas (Murtzia) eta Campoamor (Oviedo), baita Lyon (Nuits de Fourvière) eta Kanarietako nazioarteko jaialdietan ere. Bukatzeko, Txilera eta Florentziako Maiatza Musikalera ere eraman dute ikuskizuna.

Urte horietan zehar, orkestra nazional handietako denboraldietan parte hartu zuen Orfeoiak, eta atzerriko orkestrek Espainian egiten dituzten biretan ere parte hartzen hasi zen. Europako hainbat jaialdi handitan parte hartu zuen berriro, Orangeko Choregies jaialdian, adibidez, non Frantziako Telebistarako saio batean ere parte hartu baitzuen.

Orfeoiaren 150. urteurrena da 2015. Bira batekin abiatu zen urtea, Verdiren Requiem lanarekin, Vladimir Jurowskirekin eta Londreseko Orkestra Filarmonikoarekin, Londreseko Hall Festival jaialdian, Auditorio Nazionalean, Baluarten eta Parisko Champs Elysèes antzokian. Martxoaren 19an, hots, sortu zen egun berean, Beethovenen Bederatzigarren sinfonia interpretatu zuen, Valéry Gergieven zuzendaritzapean eta Mariinskyko Orkestrarekin batera.

Abuztuaren 1ean, Londresko BBC Proms jaialdi ospetsuan parte hartu zuen, BBC Philharmonic Orchestrarekin eta Juanjo Menaren zuzendaritzapean.